XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LANA ETA OSASUNA. AURKEZPENA

1.- Zergatik aurkezten dugu gai hau Lana eta Osasuna UEUko Ikastaro batean? Bi arrazoi nagusi izan ditugu kontutan gai hau sartzerakoan.

Bata da Unibertsitateko karreretan edo ziklo normaletan, guk ikastaro honetan ukitu behar ditugun gaiak baztertuta geratzen direla.

Eta bigarrenez, gai hau, berez, oso garrantzitsua dela uste dugulako, jende askori ukitzen diolako eta, baita ere, gaisotasunak eta heriotzak piloka ematen direlako lantokietan.

Eta hori hala izanik ere, gure ustez Lana eta Osasunari buruzko gorabeherak oso gutxi aztertzen dira komunikabideetan eta nahiko ahaztuta geratzen dira sindikatuen aldetik, baita medikuen partetik ere.

Horregatik gaude zuen aurrean gai honekin.

Egia esan, ez gara profesionalak baina saiatuko gara dakiguna azaltzen, ea denon artean gehiago osatzen dugun.

2.- Zeintzu dira ikastaro honen helburu nagusiak? Labur-labur esateko, hiru izango lirateke: - Informazio orokor bat ematea eta, ildo horretan bertan, langileen eta gainerako herritarren osasunaren gain eragiten duten faktorerik garrantzitsuenak azaldu eta aztertzea.

- Beste alde batetik, nahi genuke gai honi buruzko kontzientzia handitu eta nolabait itsats dadila langileen eta unibertsitarien munduan.

- Bukatzeko, gure helburuetako bat da ere lehen urratsak ematen hastea medikuen artean jarrera berri bat sor dadin.

Eta besterik gabe, geure txostentxoa aurkezten hasiko gara.

3.- Zer da guretzat osasun ona edukitzea? Zein helburu jartzen ditugu osasunaren bideetan?.

Esan bezala, has gaitezen garbi mugatzen guk defendatzen dugun osasun-kontzeptua.

Guretzat, pertsona bat osasuntsua izango da osoki bere buruarekin ondo aurkitzen denean, bai gorputzez, bai adimenez eta baita sozialki ere, eta horrela egonda bere ahalmen guztiak garatzen dituenean.

Garbi dago, beraz, osasuna ez dela gaisotasun gabezia bakarrik, (...).